2013/04/25

JUDOA PRAKTIKATZEN!

Juan Luis Mitxelena Flemingo irakasleak, 6. mailakoei, judoaren inguruko saio berezi bat eman zien. Judoko saio honen helburua, ikasleei beste kirol bat eskaini eta ezagutarazteaz gain, judoak barne hartzen dituen hainbat balore lantzea zen.

Oso saio emankorra izan zen denontzat, besteak beste, laguntasuna, bestearekiko errespetuzko jokaera (bestea ongi zaindu bestela bihar ez da etorriko), elkarren beharra norberak hobetzen jarrai dezan (berari esker naiz hobeagoa, eta alderantziz.…)  bezalako baloreak landu baikenituen, egunerokotasunerako oso baliagarriak, hagitz dibertigarria izan zen saio batean. Izan ere, Judoaren printzipiotako bat elkarrekin arrakasta lortzea da eta guk hori behintzat lortu genuen.

Eskerrik asko Juan Luis,
6. mailako ikasleak eta soinketako irakasleak.


2013/04/23


LIBURU EGUNA



Gaur liburu eguna ospatzeko ekintza desberdinak antolatu ditugu eskolan:

-         Atzo, apirilaren 22a, guraso eta irakasleen arteko liburu trukaketa egin genuen Arroan. Lehengo astean liburuak bildu  genituen eta atzo aukeraketa. Berandu iritsi zenari ez zitzaion aukera handirik gelditu.
-         Gaur, apirilaren 23a, goizetik ikasleek ere liburu trukaketa egin dute. Aurreko astean etxetik ekarritako liburuak jaso genituen eta gaur, norberaren gustukoren bat hartu dute maileguan etxerako.
       Arratsaldean ordea, bikote kontalariak osatu ditugu. Ikasle bakoitzak liburutegitik liburu bat hartu du eta pixka bat prestatu ondoren, egokitu zaion ikaskideari (Lehen Hezkuntzako ikasle guztiak nahastuta) kontatu diote.

2013/04/18

BADATOR ESKU PILOTA TXAPELKETA 2013!

Datorren astelehenean, apirilak 22, hasiko da esku pilota txapelketa. Pala txapelketa arrakastatsuaren ondoren, esku pilota txapelketa ere bide beretik joatea espero dugu. Horretarako, zozketa burutu da eta finalistak nortzuk izango diren jakin aurretik, gogorarazi nahi dizuegu parte hartzaile GUZTIAK zaretela txapeldunak. Gora zuek!!


APIRILAREN 23a, ASTEARTEA, LIBURU EGUNA!

 Kaixo Fleming ikastetxeko familiakide guztioi!
Urtero bezala, aurten ere Liburu Eguna badator (apirilak 23) eta Haur Hezkuntzan zein Lehen Hezkuntzan ere ez diogu ospatzeari utziko, ez horixe! Horrela, Arratzainen, astearte arratsaldean Lehen Hezkuntzako ikasle guztiak bikoteka jardungo dira, batak besteari aurrez aukeratu duen liburuaren pasarte bat irakurtzen. Horrez gain, iaz hain arrakastatsua izan zen guraso/irakasle arteko liburu trukaketa ere, aurten ere egingo dugu! Goza dezagun irakurketarekin!